miércoles, 16 de junio de 2010

ERREKA DANTZA TALDEA.

BESTATAKO PROGRAMAN ARGITARATUTAKO ARTIKULUA:

Euskal Dantzetan aritzeko ohiturak sustrai sakonak ditu Donezteben. Aspalditik, gure herrian bizirik mantendu dugu tradizio hori, posible izan dugun neurrian. Baina ikasketak direla medio, gazte aunitz herritik kanpora joaten gara, prestakuntza hobea lortzeko helburuarekin. Horrek ezegonkortasuna eragiten die taldeari nahiz entseguei; ondorioz, orain dela urte batzuk, helduen taldeak ezin izan zuen jarraitu eta desegin zen.

Hala ere, orain dela hiru urte inguru, lehen aritutako dantzari batzuk, antzeko motibazio eta afizioak genituenak, berriz hastea erabaki genuen. Gaur egun gure taldea, lehengo urtetik Erreka K.E.ko partaidea dena, 12 doneztebarrek osatzen dugu. Gogo eta ilusio handia dugu ohitura hori berreskuratu, indartu eta bide batez gure herriko kultura ere bultzatzeko. Azpimarratzekoa da, zorionez, orain dantzari ttikien taldean haur aunitz ari direla; aitzinerago gure errelebua izatea espero dugu.

Urte hauetan, herrian antolatutako hainbat ekitalditan parte hartu dugu: “Kultur Arteko Topaketa Eguna”, “Santa Luzia Eguna”, “Euskaraz Bai Jaialdia”, Eguberritan (Olentzero, kabalgata), “Erreka KEren Eguna” eta Bestaberri egunean. Bertzalde, urtero bezala, San Pedroren ohorezko ekitaldian parte hartzeko asmoa dugu. Orain arte emanaldi gehienak Donezteben egin ditugu, baina ez dugu baztertzen bertze herrietan edo espektakuluetan parte hartzea. Euskal kulturako dantza tradizionalak ikasteaz gain, koreografia berritzaile eta originalak ere prestatu ditugu (adibidez, Olentzero eguneko emanaldia).

Emanaldi horietarako beharrezkoak dira jantziak eta dantzarako materiala. Hasi berriak garenez, ez dugu diru aunitz; horretaz, Nafarroako Kutxan “zuk aukeratu, zuk erabaki” programan proiektu bat egin dugu eta arrakasta izatea espero dugu.

Bukatzeko, lehenik Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu emandako laguntzagatik eta lerro hauen bidez doneztebar guztiengana hurbiltzeko aukera emateagatik. Azkenik aukera aprobetxatuz, dantzetan parte hartu nahi duten guztiak animatzen eta gonbidatzen ditugu, batez ere mutilak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario